6. Gardentasuna eta agiri publikoak eskuratzeko eskubidea. Bereziki, ingurumen informazioa eskuratzea
I. Aurrekariak
Herritar talde ugari ari dira eskatzen informazioa gardenagoa izatea eta gizarte osoan zabaltzea, eta, horren ondorioz, eztabaida pizten ari da gobernuek agiri eta artxibo publikoen gainean duten kontrolaren inguruan eta kontrol horren iluntasun eta ezkutukeria murrizteko beharraren inguruan. Zabalkunde horren arrazoia da gure garaiarekin hobeki datorren modu batean interpretatzen direla hala adierazpen eskubidea eta informaziorako eskubidea nola pertsonek administrazioetan dagoen informazioa eskuratzeko duten eskubidea. Halaber, teknologia berriak eta horiek unibertsal bihurtu izana benetako iraultza ekartzen ari dira jakintza iturriak eskuratzeko, hautatzeko, aztertzeko eta zabaltzeko aukerei dagokienez. Aldaketa prozesu horien etsenplu bat azken urteetan gizarte zibilean sortutako plataformetan hautematen dugu (http://www.proacceso.org/, http://www.access-info.org/). Izan ere, plataforma horien bidez, modu aktiboan aldarrikatu da herritarrek jakiteko gogoa dutela, eta zalantzan jarri dira informazioa atxikitzeko murrizketa bidegabeak.
Erakunde ofizialek daukaten informazioa eskuratzeko eta zabaltzeko eskubidearen tradizio juridikoa herrialde anglosaxoietako informaziorako eskubideari buruzko legeetan dago. Aurrekaria Suedian sortu zen, XVIII. mendean. Joan den mendean, Ameriketako estatu gehienek arlo horri buruzko arauak onetsi dituzte. Hala, Amerikako Estatu Batuetako 1966ko Informaziorako Askatasunari buruzko Legea aipatu behar dugu.
Aldiz, latindar tradizioko beste antolamendu juridiko batzuk uzkurragoak izan dira datu publikoen inguruko planteamendu ireki bat egiteko orduan, eta halako datuak eskuratzeko bidea itxi diete administrazio oztopoen jakitun beren beregi hala eskatu izan duten subjektu kualifikatuei. Administrazio publikoen ezkutukeria horren jatorria administrazio burokratikoaren hemeretzigarren mendeko eredua da.
Alabaina, garaiak (eta Zuzenbidea) aldatu egiten dira. Administrazio egiturek gizarte eskaera berrietara egokitu behar dute, hau da, gobernuak irekiagoa izan behar du, tarte ilunak ezabatuta, parte hartzeko eta herritarrekiko harremanetan garden izateko printzipio demokratikoekin bat etorriz.
Kontuan izan behar da informazio hori eskuratzeko eskubidea bermatzea administrazio on bat izateko eskubidearen ondoriozko eskakizuna dela. Aldi berean, informazio publikoa herritarren ondarearen parte da, eta eskubide politikoen zerbitzura egon behar du, hala nola gai publikoetan parte hartzeko eskubidearen zerbitzura.
Azken batean, printzipio horien alde egiten duen demokrazia aktiboa hurbilagoa da herritarrentzat, parte hartzeko prozesuak laguntzen ditu, bide ematen du kontrol politiko eta instituzional handiagoa izateko eta saihestu egiten du zerbitzu publikoen eraginkortasunik eza, ustelkeria eta halako izurriak.
Bestalde, administrazio publikoek informazioa eskuratzeko eskubidea modu pasiboan baliatzeko bitartekoak jarri baino zerbait gehiago egin behar dute. Administrazioko artxibo eta erregistroetan dagoen informazioaren zabalkunde aktiboa beren eskumeneko funtzio publiko gisa antolatu behar dute gobernuek, publizitate eta gardentasun printzipioak oinarritzat hartuta.
Agiri publikoak eskuratzeko eta zabaltzeko eskubide horiek izan behar dute abiapuntua herritarrekiko harremanetan. Hori hala izanik ere, kasu balioztatu batzuetan egin liteke printzipio horren salbuespena, segurtasun nazionala, pertsonen intimitatearen eta jabetza intelektualaren babesa nahiz delituen prebentzioa eta ikerketa oinarritzat hartuta.
Informazioaren teknologia berriek eta ezagutzak bide ematen dute administrazioen arteko eta herritarrekiko harremanen efizientzia eta eraginkortasuna hobetzeko. Administrazio elektronikoa izatea baliagarria da informazioa era erraz eta soilean eskuratuko dela bermatzeko; gainera, horri esker, datu publikoak zabaltzeko zerbitzu publiko aktiboaren kalitatean eragin daiteke.
Gomendio honen helburua da garden izateko eta informazio publikoa eskuratzeko aipaturiko printzipioak betetzeari buruzko gogoeta helaraztea euskal administrazio publikoei, batez ere ingurumen informazioari dagokionez. Nahiz eta garai berri hauetan gobernua irekia den, pertsonek eta erakundeek arlo honetan beren eskubideak baliatzeko dituzten arazoak etengabeak direla ikusten dugu eskubideen defentsa erakundeetan.
Hori dela eta, gure antolamenduan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea nola dagoen araututa aztertuko dugu, gai horri buruzko esparru juridiko berri bati dagozkion ikuspegi berriak barne hartuta. Halaber, eskubide hori baliatzearen inguruan egindako jardunik esanguratsuenak erantsiko ditugu, Arartekoaren azken txostenetan jasotakoak denak. Azkenik, gomendio honen helburu nagusia da alderdi horiei buruzko balorazio orokor bat egitea ingurumen informazioaren kasu konkreturako.
II. Gomendioak
• Garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak –Estatuko oinarrizko legedia abiapuntutzat hartuta– lege bat proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoan informazio publikoaren gardentasuna eta eskuratzeko modua arautzeko. Lege horrek erregistro eta artxibo publikoak modu irekian eskuratu ahal izatea bermatu behar du.
Azken urteotan euskal administrazio publikoak erregistro eta dokumentu publikoak modu irekian eskuratu ahal izateko egiten ari diren ahaleginak bide eman behar dio esparru juridiko propio bati. Arau horretan, euskal administrazio publikoen betebeharrak ezarri beharko dira informazio publiko erabilgarri oro banatu eta zabalduko duen zerbitzu publiko bat sortzeko, betiere hirugarrenen beste eskubide batzuek edo ordena publikoak ekarritako murrizketak baizik ez badira. Halaber, pertsonek espediente eta erregistro guztiak eskuratzeko duten eskubidea arautu beharko du, gomendio honetan sartu diren eta Tromsøko agiri publikoak eskuratzeari buruzko Europaren Kontseiluaren Hitzarmenetik datozen printzipioekin bat etorriz.
• Eusko Jaurlaritzak Aarhusko Hitzarmenak, 2003/4/EE Zuzentarauak eta uztailaren 18ko 27/2006 Legeak dakartzan eskakizunetara egokitu behar du Ingurumenari buruzko maiatzaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra. Halaber, legeak barne hartu behar ditu informazio publikoa eskuratzeko eta garden izateko lehen aipaturiko printzipioak.
• Udal ordenantzak. Euskal Autonomia Erkidegoko udalek informazioa, batez ere ingurumenari buruzkoa, eskuratzeko eta zabaltzeko ordenantzak onartzea sustatu beharko dute. Horretarako, hala Eusko Jaurlaritzak nola foru aldundiek eta Eudel euskal udalerrien elkarteak beharrezko laguntza teknikoa emateko eta gisa horretako ordenantzak idazteko lana sustatuko dute.
• Euskal administrazio publikoek behar beste baliabide izan behar dituzte legedi horren ondoriozko betebeharrak betetzeko. Bereziki, tokiko administrazioek ahalegina egin behar dute informazio zerbitzu bat edo arduradun bat ezartzeko, aurkeztutako eskabideei dagokien izapidea egiteko. Baldin eta ez badute baliabide propiorik, beharrezko zerbitzuak kontratatu beharko dituzte funtzio publiko hori betetzeko.
• Eusko Jaurlaritzaren ingurumenerako informazio eta gardentasun zerbitzuak –dagozkion foru eta udal zerbitzuekin koordinatuta– bermatu behar du Internet bidez zabalduko duela, modu eguneratuan, 27/2006 Legeko 7. artikuluan jasotako informazio guztia.
Webgune horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren egoerari buruzko informazio publiko guztia jasoko da, eguneratuta, izan propioa edo beste administrazio batzuetatik hartua, erraz ulertzeko moduko formatu batean, airearen, uraren eta lurzoruaren kalitateari erreferentzia eginda.
Bereziki, udalekin eta foru aldundiekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzak informazio osatua izan beharko du autonomia erkidegoan ingurumen kontrolaren pean dauden jarduera guztien inguruan. Informazio horren barruan sartuko da jarduera sailkatuen lizentzia edo jakinarazpena, eta, hala badagokio, ingurumen baimen integratua eta/edo ingurumen eraginari buruzko adierazpena. Halaber, informazio hau izango du jarduera bakoitzaren inguruan: ingurumenari dakarkion kutsadura, ezarritako neurri zuzentzaileak eta atmosferara igortzeko baimenei buruzko informazioa, jabari publiko hidraulikora edo itsas-lehortarrera egindako isuriak, kutsadura akustikoa eta hondakinen sorkuntza eta tratamendua.
Halaber, ingurumen baimenik gabe edo baimena izapidetzen ari dela martxan dauden jardueren berri emango da.
• Ingurumen informazioa modu unibertsal, azkar, erraz eta doakoan eskuratu behar da. Pertsona guztiek balia dezakete eskubide hori, arrazoia justifikatu gabe, modu errazean, hilabetetik gorakoa ez den epe baten barruan. Teknologia berriak erabilita, euskal administrazio publikoek epe hori 15 egun baliodunetara murrizteko aukera balioetsiko dute. Betebehar hori modu sistematikoan betetzen ez bada, diziplina ondoreak ekarri ahalko ditu izapideak atzeratzearen erantzulearentzat. Halaber, informazioa doan eskuratuko da; dena dela, hori ez da eragozpen izango kopiak eskatzen badira tasa bat kobratu ahal izateko. Euskal administrazio publikoek hobariak ezarri behar dituzte prozeduretan publiko interesdun gisa agertzen diren elkarteentzat. Halaber, tasa ordaintzetik salbuetsi beharko litzateke, baldin eta kopia gutxi batzuk eman badira edo informazioa bide telematikoetatik bidali bada.